Páginas

2011-10-08

INFORMAZIOAREN GIZARTEA, TEKNOLOGIAK ETA HEZKUNTZA

XX. mendearen amaieran hirugarren industria iraultza hasi zen ematen, eta izugarrizko eragina izaten ari da ekonomiako produkzio prozesu eta egituretan, herritarren bizimodu eta kulturan, giza- harremanetan…  Teknologia informatikoetan oinarritutako informazioaren digitalizazioa da egungo iraultza nagusia. Komunikazioaren eta informazioaren teknologia berrien erabilera jada alor guztietan dagoela ikus daiteke, prozesu geldiezina delarik. Globalizazioa, hots, mundu guztiko espazio- zein denbora-mugak desagertzea, azken urteetatik hona garatuz datorren gaur egungo fenomeno historiko garrantzitsuenetarikoa da.


Informazioaren gizarteari buruzko ikuspuntu ezberdinak daude: merkantilista (ekonomia neoliberala oinarri izanik, ongizate materialaren eta zoriontasun indibidualaren handitzea), kritiko- politikoa (teknologia digitalak gizartearen garapenerako erabili behar dira), teknozentrista ( teknologia digitalek iraultza teknologikoaz gain, gizakiaren iraultza eragingo dute); eta azkenik, apokaliptikoa (baloreen eta ideien gainbehera).
Teknologia digitalek zenbait alde on dituzte: pertsonen arteko komunikazioa errazten dute, beraien egoera edozein dela ere; denbora eta espazio barrerak desagertzen dira, elkarrekintza idatziz, ahoz edota modu audiobisualean izan daitekeelarik; etengabe ahalbidetzen du informaziora sarbidea; honi esker herritarrak mundu guztian pasatzen den guztiaz jabetu daitezke;  zerbitzuen eraginkortasuna eta kalitatea hobetzen dute; lan- esparruan ere eragina du, lan- modu tradizionalak aldatuaz. Gainera, teknologia berriek errealitatearen ikuspuntu itxi baten gainditzea ahalbidetzen dute, kultura ezberdinen ezagutza eta harremana handitzen duelarik.
Bestetik, teknologia digitalek hainbat alde txar dituzte: teknologia beharrezkoa dugu, hori gabe ezin baikara bizi; mendebaldeko kulturaren gainjartzea beste kulturekiko; kultura- eta ekonomia- ezberdintasunen areagotzea   herrialde ezberdinen artean; teknologia hauek materiala eta nahikoa gaitasun duten pertsonen eskura soilik daude; pribatutasunaren galera eta pertsonen gaineko kontrolaren areagotzea.
Hezkuntzari dagokionez,  teknologien agerpenak arazo dezente ekarri ditu, izan ere, kontuan hartu behar da teknologia digitalen agerpena izugarrizko aldaketak eragiten ari dela oso denbora-epe motzean eta abiadura ikusgarrian. Ondorioz, aldaketa hauetara egokitzeko beharra oso handia da, helduen kasuan gehienbat. Horiek konpetentzia kognitibo, instrumental eta jokaerazkoak lortu behar dituzte teknologia hauetan gaitzeko. Hori ez badute egiten, analfabetismo teknologikoan eror daitezkeelarik. Alfabetizazio teknologikoa ezinbestekoa da gaur egungo gizartean behar bezala maneiatzeko. Hezkuntzan dakartzan arazo nagusiak ondorengoak dira: alfabetizazio teknologikoa, gehiegizko informazioa, hipertestuak ulertzeko zailtasunak, prestakuntza behar berriak, prestakuntza sistemen egokitzapena eta aldaketen azkartasunera ezin egokitzea. Herritarrak industria gizarte baterako prestatzetik informazioaren gizarte batean eta baterako prestatzea igaro gara.
Horren aurrean, hezkuntzak hainbat erronka ditu teknologia digitalen aurrean. Batetik, teknologia digitalak sisteman eta eskolako kulturan integratzea. Bestetik,  irakaskuntzaren metodo zein helburuen berregituratzea. Horrez gain, prestakuntza ordenagailuen saretik barrena (teleprestakuntza) zabaltzea ere garrantzitsua da. Aldi berean, hezkuntza ez formalarekin lotutako ekintzak garatu behar dira: alfabetizazio teknologikoa giza garapenerako. Beste erronketako bat laneko prestakuntza berrikusi eta birplanteatzea da, exigentzia berriak kontuan hartuz.
Ikasleen prestakuntzak ondorengo puntuak izan behar ditu helburu: teknologia ezberdinen maneiua eta erabilera dominatzea;  informazioa behar bezala bilatzeko, aukeratzeko, analizatzeko, ulertzeko eta birsortzeko gaitasuna eskuratzea; kritikoak izatea eta balore ezberdinak garatzea horien aurrean; aisialdi eta kontsumismoaz gain, teknologiak komunikazio eta espresio eremu gisa erabiltzea. Gainera, oso garrantzitsua da ikasten ikas dezaten lortzea, hau da, autoikaskuntza bizitza guztian zehar.

No hay comentarios:

Publicar un comentario